XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etxahun eta Manikeismoa Etxahun Irurik euskal kulturan eta bereziki Zuberoan gailendu den koblakari baten bizitza gora-beheratsua aurkeztu nahi digu; Pier Topet ez da, abertzaletasunaren iharduera politikari begira behinik behin, bat ere arikorra, baina bere hizkuntza minoritarioaren kulturari on eritzi nahi dion gizartearen literaturan baliotsu suertatu da (alderik garrantzitsuenetariko batetan: koblakaritzan).

Bertsolaritzaren hito hau aurkeztu nahi honetan nolabaiteko eragina ukan duke gure literaturaren joera kostunbrista atzeratuak.

Hala ere ezin uka dezakegu Etxahun zaharraren bizitzak erakargarri asko duenik.

Etxahun erromantikoen garaian bizi izan zen, eta bere bizitza eta joerak kutso erromantikoa dariela agertzen zaizkigu.

Etxahunek oldarra du bihotzean, badu surik.

Guztiau poemetan somatzen da, baita ekintzetan ere: bada gauza, izugarri boteretsua den sendiaren aurka jeikitzeko, eta izukaitz, heriotza eragiteko.

Izan ere, behar bada bere bizi-arazoen korapiloa sendiaren menean ezin izatea da, txarto hezitako ume bihurria bailitzan.

Jakina zenbaitetan amore ematen du, bai eta gauza garrantzitsuetan ere (nork ez?), baina harreman onik ez bide da tartean izan.

Etxahun haragizko heroia da (edo ez da heroia, nahi bezala); makurtu egiten da aitaren esanetara, baina zerbaitek dihardu makurtzea iraunkor eta erabateko izan ez dadin, zahartzaroan ere sendiaren onespenik ez baitu, Graxik edo beste edozerk eraginda.

Ez dugu guk honelakorik garai guztietan izan ez denik esango; garai jakin batetan, Erromantizismoan, ugariagoak direla deritzagu.

Ez dakigu zein izan den arlorik pisuzkoena Irurik gai honi eusteko, erromantizismoa, euskal kulturaren hitoa agertu nahia, kostunbrismoa...; zihur aski denok eragin dute, gainerako pastoral modernoekin parekatzen duen abertzaletasuna ahaztu barik.

Etxahunek badu errealismo pittin bat, edo behintzat badakar gure artean hain garrantzitsua izan den ohiturazko nobelak baino giro gatazkatsuago bat: gizarte mailako idiliorik ez.

Pastoralak pertsonaia eta egoera arazotsuak erakusten ditu, berez jada gorabeheratsua den sendi batetan.

Jakina, ezin ditu marko honetan pertsonaiak eta arazoak sakondu, baina gatazkaren aurkezpen, eta bereziki pertsona mailako arazo, gatazka bat gune eta faktore antolatzaile izateari berebiziko garrantzia aitortzen diogu giza banakoa / gizartea gatazka nobela modernoaren oinarrian baitago.

Irurik ostera ezin bide du arazo berau dixiritu (edo ez du nahi), eta ez da gauza erritualizazio eta banaera manikeistan sendiaren haustura konsagratzeko; bestela esanda: gaiak berak, Etxahun eta Pastoralaren egitura tradizionala gainditzen ditu.

Bide batez, gaurko gizartearen gora-beherak, krisiak, ikuspuntuak adierazteko folklorearen mugan dagoen antzerki mota honen zailtasunak edo ezintasunak agertu nahi ditugu, zeren gaurko problematika modu sinple eta lineal batez nekez adieraz baitaiteke.